Testuinguru sozialak, egonkorrak eta osagarriak


Testuinguru sozialen, egonkorren eta osagarrien bidez programatzea da Sistema honen ezaugarrietako bat. Bizi-jarduerak dira, eta gaiak erlazionaturik daude; adibidez, auzoa,galleta-fabrika, diseinu-tailerra, mediateka, hitzaldiak, etab.

Zer esan nahi dugu testuinguru sozialak, egonkorrak eta osagarriak terminoekin?

Testuinguru sozialen, egonkorren eta osagarrien bidez programatzea da; hau da, joku-jardueren bidez, non arloak elkarrekin erlazionatzen diren, arlo bat nagusitu arren.

Ingurune erreala, fisikoa, egoerazkoa, bizitzazkoa eta harremanezkoa da. Hezkuntza-asmotik abiatzen den jolasa da.

Testuinguru horietan ikasleei bizitzeko eta izateko aukera ematen dieten bizi-egoerak sortzen dira, eta bizi dutelako ikasten dute.

 

Testuinguru sozialak

Harremanetarako bidea ematen duen jolasa delako, eta, hain zuzen, harreman sozialetan eta erkaketan aldatzen direlako kontzeptu- eta jarrera-eskemak. Erkatzearen bidez identifikatzen dira gizabanakoa eta taldeak.

Benetako harreman sozialetan oinarritutako jolasa denez, etengabe sortzen diren egoerak berriak, biziak, errepika ezinak eta aurretik sumatu ezinak dira beti, eta irakasle irekiak eta harkorrak eskatzen ditu, bana-banako behaketa eta esku-hartzea egiteko sormen-gaitasuna dutenak. Sistema horrekin eta ikuspegi horrekin lan egitea beti ezagutzen eta berritzen aritzea da. Gako hori ulertu gabe lan egitea, berriz, airerik eta ikuspegirik gabe geratzearen parekoa da, bizia mekanizatu eta akabatzearen parekoa.

 

Testuinguru egonkorrak

Gune desberdinetatik aldiro eta sistematikoki pasatzeak, testuinguru bakoitzak ahalbideratzen duen ezaguera multzoan sakontzera bultzatzen du.

Ikasketa momentu bakoitzeko kontzeptu eskemaren araberakoa da.

Jarduera berean une desberdinetan aritzeak garapen handiagoko kontzeptu eskemetatik  gaiak lantzea  ahalbideratzen du, kontzeptu eskema hauek eboluzionatu dute eta.

Egonkorra hitzak ez du esan nahi itxia, monotonoa edo sormen eza, aitzitik, hezkuntza sentsibilitatearen etengabeko garapena dakar berarekin, egoera pertsonalak  eta sortzen diren harreman sozialak antzemateko, baita prozesuetan esku-hartzeko  sormenaren garapena ere.

Ez dira testuinguru  estatikoak, sistemiko eta interaktiboak, baizik.

 

Testuinguru osagarriak

Koherentzia lortu nahi dugu: ikastetxe osoari dagokion curriculumaren osotasuna, eta gizabanakoari eta bere garapen posibleari dagokion osotasuna.Ikasleak hainbat testuingurutatik pasatzen direnean, aniztasun horrek aukera ematen die testuinguru bakoitzean nortasunaren alderdi desberdinak garatzeko, testuinguruaren ikuspuntuaren arabera betiere. Diziplina edo irakasgai jakin batzuk ikas ditzakete, edo baita irakasgai beraren alderdi desberdinak ere. Batzuetan bakarka lan egingo dute, eta beste batzuetan taldeka. Testuinguru bakoitzean talde berri batekin erlaziona daitezke. Hainbat prozedura, material eta baliabide erabili ahal izango dituzte.